XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Proletalgoaren inperatibo moral eta unibertsal bezala, hain zuzen.

Internazionalista izan behar da.

Proletarioek internazionalista izan behar dute....

Halaxe esaten da.

Moralismoak sustrai sakonak ditu gure artean.

Oroit gaitezen: Nazio guztietako langileen zoria, beren interesak berdinak direlarik, beren etsaiak berdinak direlarik, bat bera denez gero, elkarrekin egin behar dute borroka proletarioek.

Hala dio Engelsek.

Internazionalismoa ez da obligazio moralen bat, errealitateak emana baizik.

Konstatatu egiten dira interes internazionalistak: burrukaren internazionalismoa ez da ondorio besterik.

Marxek proletario guzien interes berdintasunean oinarritzen zuen internazionalismoa: interes berdinak, situazio berdina, etsai berdina, xede ta zeregin berdinak.

Beraz, berdintasuna norainokoa den, zinezkoa ote den, begiratzea tokatzen da kasu bakoitzean.

Eta, beti ere, berdintasun harek adina balio du internazionalismoak.

Beraz, euskal proletarioen internazionalismoa aipatzen bada, horixe besterik ezin gogoan izan daiteke: langileok besteekin elkartuaz zer irabazten duten, zer ez duten irabazten, zer galtzen edo galtzea arriskatzen duten.

Horixe ikusiaz ateratzen da, zer nolakoa den internazionalismoa.

Hortarako, besteak zeintzu ta nolako diren ere gogoan hartu behar.

Halaxe zion Marxek: Herriak benetan elkar daitezen, interes berdinak izan behar dituzte.

Aho betez eta beroz internazionalismoa aipatzea, aldian aldiko errealitate konkretuei lotu gabe, internazionalismoaren konzeptu mitologiko batez aritzea da.

Konzeptu erlijioso batez.

Izan ere, gogora dezagun, badagoela internazionalismo kristau bat ere, ez herrien eta ez arrazen diferentziarik aintzat hartzen duena.

Ez dago judurik eta grekorik.

Denak bat eta berdin.

Esklabo eta jaunik ere ez omen bait dago, arabera.

Denok anaia, Aita beraren seme.

Bistan da, sozialistak internazionalismoaz mintzo garenean, besterik adierazi nahi dugula.